Beste batzuk
1986an Itxartu Taldea sortu zenetik, orain arte aipatutako ekintzak ez ezik, beste batzuk ere antolatu izan ditugu, horietako batzuk urtero edo epe jakin batzuen arabera, eta beste batzuk, aldiz, tarteka. Horietako batzuk hementxe azaltzen diren hauek izan dira:
- Txori abeslarien txapelketa
- 17 urte baino gutxiagokoentzako Bizkaiko Trikitixa Lehiaketa.
- Euskal Herriko Trikitixa Eguna, 2000an.
- Nekazaritzako azoka, Lorentzo Deunaren jarraipena.
- Sukaldeko lehiaketak
- Igela jokoko txapelketa
- Mus, briska eta tute Txapelketak
- Lehen aipatutako ekintzei lotutako bazkari herrikoiak.
Gaur egun ofizialki onartuta dauden arloetatik kanpo ditugun ekintza honako hauek dira:
- Itxarkantu: ohiko abesbatza ez den egitaraua da. Abesti herrikoiak erakutsi nahi dira eta aspaldian galtzen ari den ohitura bat suspertu nahi da: tabernetan zein herriko kaleetan zehar abestea, alegia.
- Ostiralean ikuskizuna: noizean behin Algortako Batzokian ikuskizunen bat antolatzen dugu, horretarako prestatu den oholtza txiki baten gainean. Arratsaldeko 20:00etan hasi ohi da, doanekoak dira eta era askotako partaideak bildu ditu: abeslariak, magoak, antzezleak, eta abar.
- Mus Txapelketa: 2008an berriro ekin genion ekintza honi, mus txapelketa bat antolatu zelarik, eta hurrengo urteetan bide beretik jarraitzeko asmoa ere badugu.
- Txori abeslarien txapelketa: Txapelketa hauek Itxarturen hasieran egin ziren urtero, gure presidentea izan zen Ismael Moral-en eskutik batik bat. Bere oroimenean eta Txori Lagunak Elkartearekin elkarlanean 2009an berriro antolatu zen.
- Itxartu eguna: Itxartuko bazkideen jaia da, eta baita bere senitartekoena, Itxarturen ekintzak babesten eta laguntzen dituzten erakunde eta enpresena eta eskuartu nahi duen edozein pertsonarena ere. Algortako Batzokiko Jolasgunean antolatzen da irailean, baina bazkaldu baino lehen Algortako kaleetan zehar ibiltzen gara dantzan eta kantuz. Eta arratsaldean ateak zabaltzen ditugu edozeinek joko eta kirol ekintzetan eskuartu eta gozatu dezan, eta arratsean egiten dugun ohiko sardinada dastatzeko ere.
- Gitarra klaseak: 2008-09 ikasturtean hasi dira.